Erretratuak. Fernando

Fernando. Fernan, lagunentzat. Fer, emazte ohiarentzat. Fernandooooo, ama zenarentzat. Ordukotik gorbatari eusten dio soilik. Osterantzekoa saldu du. Edo galdu. « Jefe » esaten diote ingurukoek. Berak, jakina, erantzuten du. Gabardina nabarra darama uda zein neguan. Sakelean: bizarra egitekoa, boligrafo bat, plastikozko boltsa txikia eta metxeroa. Jada ez du erretzen, ez du kaferik hartzen, eta ez du askorik jaten. Kalea du abaroa baina gauak aterpeetan ematen ditu. Asteon prakak estreinatu ditu, enegarren eskukoak, baina gerrikorik gabe jarraitzen du. Bart lapurtu diote. Labana sartu ostean. Eta pentsatzen ari da gustura dagoela ospitaleko 314.gelan. Giltzurrun bat galdu du, orbain ederra tatuatu diote, eta orain ez daki zer egin horrelako Txoko batean betiko gelditzeko. Burutik pasatu zaio ospitala eta espetxea antzekoak direla. Agian medikua hilko balu. Edo gelakidea. Agian betiko aterpea lortuko luke; Eta eguneko jana. Agian. Pentsamendu iheskorra izan da; dagoeneko botiken eragina nabarmena da eta loa gorputzeko atal guztiak hartzen ari da. Itsasgora, Fernandoren gorputzean.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratuak. Fernando

  1. Pingback: BlogsEITB

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *