Erretratuak. MariKarmen

MariKarmen. Ileapaindegian egon da, asteartero bezala. Gaur kolorea aldatu diote. “Biolin” kolorea eman diote eta kirikiloak atera dizkiote. Inork ez dio esan nahi ileko kolorea azenario kolorea dela. Badaezpada. Ezpainak gorriz jantzi ditu, eta atzazalak ere bai. Gaztetuago ematen du. Eau de zerbait bota du eta azalarekin nahasterakoan usain freskoa gelditu da. “Tomateak zegan gaur?”, eta Marikarmenek “hiru terdi” erantzun baino lehen orturik atera berri direla esan dio bezeroari, “arrainaren freskotasunaren antzekoa”. Bereizten dituen mostradorearen distantziatik urruntzeko bezeroarengana hurbildu da. Besoa igurtzi dio hurbilketa-ariketa moduan. Kontaktoa maite du MariKarmenek. Tomateekin entsalada ederrak egin litezkeela esan dio, baina edozelan ere, tomate alargunak. Bezeroa komentzitu ei du, eta kipula ederrak eta letxuga bat eraman ditu tomateen konpainiarako. “Entsalada orgia”, esan dio bezeroari. Erruz heldu zaizkio bezeroak goiz honetan ere bai. Eguerdia arte. Luixari saltokia zaintzeko eskatu dio, eguerdikorako bost minutu behar dituelako. Eta kanpoan, bakarrik eta ezkutuan, mundutik at; zigarroa atera eta piztu egin du. 

 Goizalde Landabaso

2 thoughts on “Erretratuak. MariKarmen

  1. Pingback: BlogsEITB

  2. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *