Erretratuak. Maritxu

Maritxu. Beti doa txukun-txukun, baina azken aldiotan askoz dotoreago joan ohi da bulegora. Goizero, hamaiketan etena egiten du lanean, bere lankideek bezalaxe. Atzeko kaleko kafetegira joaten da. Lantokiko zaintzaileak konta diezazuke irten baino lehen ispilu handian atontzen duela bere ilea. Urduritasunari aurre egiteko keinua da; besteek erre dezaketen bezala.

Goizero, hamaiketan, zain izaten du lantokiko hirugarren pisuan lan egiten duen abokatua. Kafe bana, mahai gainekoa. Beti berdin, apurtu ezin daitekeen buklea dirudi. Maritxuk gehiago nahi du, asteburu lizuna ezkutuko lekuren batean,  kandelapeko afaria, edozein ihesaldi. Baina abokatua ezkonduta dago, eta emaztearengandik bereiziko bada ere, oraindik ez du egin.

Kafetegira heldu da, eta hantxe dauka zain abokatua. Musu bi eman dizkio eta mahaian eseri da. Hirugarren pisuko abokatuak eskuak estutu dizkio. Maritxuk metalaren ertza sentitu du berehala. Giltz bat baino ez da.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratuak. Maritxu

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *