Erretratuak. Paul

Paul. Lehenengo lego jokua oparitu ziotenean etxean denek izan zuten argi: Paul arkitektua izango da. Zantzu gehiago ere izan ziren: leihoen neurriei erreparatzen zien kaletik zihoanean, eta baita, teilatuen formari. Teilatuen defendatzaile sutsua izan da beti Paul, horregatik, beharbada, etxeen marrazki guztiak teilatutik hasten zituen. Harrezkero haurtzaroko bihozkada gauzatzea besterik ez du izan. Nekeza eta luzea egin zitzaion baina lizentziatura atera zuen. Bekadun gisa aritu zen hirian aitak zuen lagun baten bulegoan. Ikaskide batekin erakusketa bitxia prestatu zuen udaleko beka bati esker: “Teilatuak eta leihoak”. Jende askorik ez zuen bisitatu baina norabide bat ezartzeko balio izan zion. Eta Italiara joan zen.  Milanen ikasturte bat eman zuen “Eraikuntza klasikoak” graduondokoa egiten. Estatu Batuetan etxeorratzei buruzko masterra amaitu zuen, baina teilatu klasikoagoak behar zituen. Bartzelonara joan zen, Gaudíren gaineko tesia egiten hasi zen. Eta Bartzelonatik hirira berriro. Teilatuak marrazten jarraitzen du. Taxian. Itxaronaldietan. Oraintxe bezala. Eta zalantzak ditu, oraintxe bezala. Laranjak edo grisak margotu behar al ditu?

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *