Erretratuak.Sabin

Sabin. Erretiroa hartu zuenetik mantsotzen joan da bere pausua. Dagoeneko makulu deserosoen laguntza behar du parkean gora eta behera ibiltzeko. Sabinek berak igarri izan du gainbehera, denborak ezarri ohi diguna. Gaur goizean kukua entzun nahi duela esan dio emazteari. Honek ederto adierazi dio kukuak udaberrian baino ez duela kantatzen, eta udazkenean ez duela entzungo. Sabin, baina, tematu da. Eta parkeko goiko aldetik txiri-txiri doa mirari baten atzetik. “Kuku” esaten du lantzean behin. Baina  ipar haizearen bufadak baino ez dira entzuten. Berak “kuku” segitzen du, baina hogei minutuko osteraren ondoren jabetu da emazteari arrazoi eman beharko diola. Udagoienean ez da kukurik entzuten. Eta pentsamendu horrek urduritasuna ekarri dio. Eta ez badut berriz ere entzuten? Eta udaberriak baino negu gorriak harrapatzen badu? Seme-alabek kuku esaten duen erlojua oparitu diote, baina ez da gauza bera. “kuku” esaten du ahopean noiz behin Sabinek. Asko haserretzen denean ozenago. Baina beti ahazten zaio gauza bera: Udagoienean ez dela kukurik entzuten.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *