Erretratuak. Ruth

Ruth. Ruz, esaten diote lagunik minenek. Berari horrela gustatzen zaio, amaiera korapilatsu horrekin. Zzzzzzzzzzz. Amari esan dio praka estu-estu horiek modan daudela eta bere klaseko neskek horrela eramaten dituztela, takoidun zapatekin. Baina amak ez dio jaramon handirik egin. Eta Ruth-ek azaldu dio elastiko estu eta laburra ere modan dagoela. Ama, baina, ez dago alabaren kontu estetikoetarako. Aurpegia makilai nabarmenegiz bete duenean ere ez dio kasurik egin. Ama aspaldi joana zaio. Inoiz izan ote den galdetu izan dio sarri bere buruari Ruth-ek. Erantzuna mingarriegia denean hobe erantzuna mututzea. Horixe da berak egiten duena. Etxetik aldegitera doala esan dio ozen amari, “banoa, ama”. Ama, baina, bere kontuetan sartuta dago eta ez entzunarena egin du. Etxeko eskailerak behera takoidun zapatak kendu eta zapatillak jantzi ditu. AC-DCren kamiseta soineratu du eta zapi batekin aurpegiko margo guztia kendu du atariko ispilu aurrean. Orduan konturatu da begi bazterreko erreka beltz horiek, malkoek eragindakoak zirela.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *