Erretratoak. Eloi

Eloi. Itsaso galduren bateko marinela dirudi jaka urdin ilunarekin. Baina itsasoa aspaldi galdua duen eskamadun izakia da. Jakaren goiko sakeletan gorde ditu eskuak hotzari muzin eginez. Gaur fresko hasi da eguna. Marinel zaharrak aspaldiko abenturetatik kokots bizartua gordetzen du, beste denari uko egin dio; Gerra, borroka, matxinada eta iraultza orori. Pauso mantsoa du, beti berdina; orain bat, orain bestea. Koreografia amaibakoa kilometroak egiteko. Burumakur doa beti. Behe aldetik olaturen bat ager litekeela pentsatzen du, eta agian, joan-etorri horretan, joaterakoan eraman dezake olatuak. Aspaldian ez du itsasorik aurkitzen. Marra arteko bidexkan barrena doa, senak osterantzeko bidea hartu behar duela badiotso ere. Eloik bakardade une hauek maite ditu, jende artean bere burua galtzeko aukera. Izan ere, hortxe sentitzen da marinel berriz ere, asfalto gaineko arrain artean. Itsasorik ez badu ere, ingurukoen begiradetan zerbaitek esaten dio ez dela borroka galdua, itsasoa hor dagoela, eta senari jarraitu besterik ez duela. Oraindik, baina, ez du itsasoa aurkitu. Eta bila jarraitzen du.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Eloi

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *