Erretratoak. Ernesto

Ernesto. Eskaileretan jesarrita dago, euritetik aterpetzeko hasieran, atseden tokia aurkitzeko gero. Baina laster asperdurak hartu du. Sakeletik artaziak atera ditu. Sekula ikusi ez balitu legez bueltaka darabiltza. Eskumako eskuarekin orain, ezkerrekoarekin gero. Olgatzen ari da. Albotik pasatzen zaizkionak begira-begira gelditzen zaizkiola konturatu da. Berak, baina, aspaldi galdu zuen lotsa. Artaziak ez dituen eskuekin laztandu du kolore bitara duen bizarra. Bai –pentsatu du- bizarra egin beharko nuke. Eta tentuz baina sendo bizarra egiteari ekin dio. Jendearen begiak ispilu ditu. Ras! Ta bizar zati bat kendu du. “Zigarrorik bai?”, eskatu dio begira gelditu zaion emakumeari. Honek ezezkoa egin dio plastikozko irribarrearekin. Amorratuta dago Ernesto, erretzea pekatu denetik ezin du erre. Ras! Beste zati bat ebaki du. Ile moztuak eskuan itsasten zaizkio eta praketan astintzen ari da. Hirugarren mozketak min eman dio. Odola berehala etorri da eskua eta ile zatiak lohituz. Odola, likits bitxia dela ebatzi du odol-tanta jausi eta berehala. Zerbait behar du odolari eusteko. S eta M hizkiak dituzten zapi zuri-zuria eskaini dio norbaitek. Eskerrak ematerakoan hagin beltzak erakutsi ditu. Zapia bizarrera eraman duenean mundua gorri bilakatu da.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Ernesto

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *