Erretratoak. Luisa

Luisa. Goizeko hamarrak izango dira laster eta Luisak metroa hartu behar du. Ez du gaur, ez, egun onik. Aterkina itxi du, eta metroaren aterpean sartzerakoan gelditu egin da. Eskailera elektrikoak dira. Gainditu beharreko enbata itzelari begiratuko liokeen bezala begiratzen die. Aitaren eta amaren egin du. Eta eskaileretan sartu da. Hamabost segundura geldialdia. Gelditu egin da eta arnasa sakon hartu du Luisak. Berriz ere altzairuzko amildegiari begirada izutua bota dio. Aitaren eta amaren egin du berriz ere. Eskailera elektrikoetara jauzi. Hamabost segundu eta behean da, metroaren sarreran. Txartela atera, makinetik pasatu eta atetxoak zabaldu direnean ezin sarturik izoztuta geratu da. Inork ez du begiratu. Presazko ordua da. Luisa, baina, ezin da sartu. Indarrak batu dituenean, txartela hartu eta berriz ere pasatu du. Atetxoak zabaldu dira baina Luisak izoztuta jarraitzen du. Zazpi aldiz pasatu du txartela. Metroko langilea azkenean jabetu da. Luisarengana hurbildu da eta edukazio handiz arazorik ote duen galdetu dio. Luisak langilea begiratu du eta irribarre egin dio. Langileak irribarre egin eta atzera be galdetu dio: “Lagundu zaitzaket?”. Txartela erakutsi dio Luisak eta langileak ondo aztertu ostean ateak zabaldu dizkio. “Eskerrik asko”, esan dio Luisak, eta metrora sartu da. Hileko bere lehenengo elkarrizketa izan da.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Luisa

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *