Erretratoak. Patxi

Patxi. Bankuan eserita dago, eta atseden hartzen pentsa lezake bertatik pasatzen denak. Begiratu besterik ez dago lanean dagoela konturatzeko. Telefonoz ari da berbetan, ezer gutxi entzun dakioke, izan ere, berba egiten duen bakoitzean eskuarekin estaltzen ditu bere ahoa eta telefonoaren behe aldea. Politikoek egiten duten gisarat. Inork jakin ez dezan zertaz ari den. Eta, jakina, lortu du. Inork ez daki zertaz ari den. Noizean behin bere zapata marroi txukunei begiratzen die. Zapata lohitu dion zerbait kendu egin du eskuarekin, baina laster ahora bideratu du berriro ere. Beste aldean dagoenak hitz jario handiagoa du Patxik baino. Esaten dionaren garrantzia begiradan ikus liteke. Garrantzitsua denean kontzentratua dirudi, eta garrantzi bakoa bada, beste zerbaiti egiten dio jaramon. Orain kale erdian ipini duten eskultura begiratzen ari da. Zerbait garrantzi bakoa ei da beste aldekoak esaten diona. “Bai” erantzun dio Patxik. Eskua ipini barik. Adostasun nolabaitekoaren seinale. Bat-batean begirada kontzentratua geratu zaio, alegia, zerbait garrantzitsua entzuten ari dela. Laster, baina, uxatu egin du beste aldekoaren inportantzia, erakus-leihoaren txamarrara begira gelditu baita. “Ederto, agur!”, eta amaitu egin da ezkutuko elkarrizketa. Hitzak haizeak eraman ditu, eta Patxik pare bat gorde ditu jakako eskumako sakelean.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Patxi

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *