Erretratoak. Txo

Txo. Txakur beltz iletsua da. Begirada atsegin eta jostaria dauka. Ez da oso handia, metro bateko luzera eta metro erdiko altuera dauzka. Buztana ere ez du oso luzea baina bai (oso zentzu irekian) pinpirina. Txo arra da. Lau urteko ar eder eta osasuntsua. Jabea maite du, txakur gehienek maite duten bezala. Ondo hezitua eta elikatua dago, gizakiaren ikuspuntutik, beti ere. Jabeak edonora eraman ohi du. Lanera ezik ia beste leku guztietara. Lehen oinez egiten zituzten osteratxu gehienak, baina garraio publikoan dabiltza orain. Metroa da Txo-k gehien gorrotatzen duena. Beheraka edo goraka doazen eskailera horiek beldurgarriak egiten zaizkio. Pozik zihoan eskaileren soinua entzuten hasi den arte. Pausoa mantsotu du eta jabeak tira egin behar izan dio. Baina Txo-k ez du nahi, eta eskailera ertzera iristerakoan planto egin du, lurrean etzan da plaust eginez. Hiritar guztiak txundituta gelditu dira. Jabeak lotsaren lotsaz barre egin du. Eta Txo besoetan hartuz eskailerak jeitsi ditu. Orduan norbaitek txakurraren aurpegia begiratu izan balu gizakion irribarrea izan liteken zerbait topatuko zukeen.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Txo

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *