Erretratoak. Iñaki (Said)

Iñaki. Hori ez da bere benetako izena, Said baitu benetako izena. Horrela esaten diote inguruko askok. Inguruko horiek, baina, ez dakite Said ez dela bere benetako izena. Bere bene-benetako izena beste bat da, ahoska ezina. Munduaren alde on honetan galdu zuen lehenengo gauza izan zen. “Arraroa” eta “Zaila” zela esaten zioten, eta azkenean besteen mesederako Said bihurtu zen, eta Said ere arraroa zenez, Iñaki. Tabernarik taberna dabil, bira antzekoa da Said-Iñaki-Izen ahoska ezinadunak egiten duena. Tabernariek agurtzen dute, eta batean edo bestean edateko zerbait edo mokaduren bat ematen diote. Enpatia da. Gaur bero egiten du eta badaki galtzerdirik ez duela salduko, beharbada erlojuren bat, eta orduagatik, jende asko badago betaurrekoak saldu ditu. Eroslearen eta hiritarren soziologia txostena egina du. Irribarre atsegina baina deus ere erosten ez duena da erosle mota bat. Bigarrena, aspaldiko adiskidea bailitz berba egiten dizuna, eta hirugarrena begiratu ere ez duena egiten. Gehiago daude baina berak hiru talde nagusi horiek ikusten ditu egunero. Hirugarren taldeko neska birekin egin du topo gaur. Lehenengoak begiratu ere ez du egin, eta bigarrenaren begiradarekin jabetu da bera gardena dela.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Iñaki (Said)

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *