Erretratoak. Sergio

Sergio. Ezberdina da. Sergio beste erritmo batekoa da. Bizitza honen dantza hanka bakarrarekin egiten du. Ume izatera kondenatu zuen kromosomaren batek, baina berak kalea alaitzen du. Ez daki kromosomaren izena, baina berdin zaio. Berak bere lana dauka, bere zaletasunak, bere neskalaguna, eta bere lagun-taldea. Ez du ulertzen ezberdina izatearena baina behin amak esan zion mundua okerrago zatekeela bera barik, eta askotan errepikatzen du. Gustatzen zaio txokolatea, Athletic, dantza, hanburgesak eta piszinan igeri egitea. Jendeak  ezberdin begiratzen du, eta modu txiki batean, badaki. Anaia gazteagoa dauka, baina zaharrarena egiten du anaia gazteak. Anaiaren lagunak jatorrak direla uste du, baina bereak, jatorragoak. Bere lana oso gogorra dela esaten die lagunei, eta berak ondo egiten duela. Aitak oparitu zion sakelekoan bere neskalagunaren aurpegia jarri du, pantailan. Ez da geldirik egotekoa Sergio, beti dauka-eta zer egin. Zinemara joatea erabaki dute lagunek, banpiroen pelikula bat ikustera. Berari ez zaizkio banpiroak gustatzen, berak nahiago ditu western-eko pelikulak ikustea, aitari bezela. Baina zinema gustatzen zaio. Krispetak jaten dituelako. Bote handia eskatu dio saltzaileari. Saltzaileak ikusi duenean galdera bakarra izan du: “Nork ordainduko dizu maitea?”.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Sergio

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *