Erretratoak. Telmo

Telmo. Itsas gizona zen Telmo. Batzuetan itsasoan jarraitzen duela pentsatzen du, eta lurra begiratzen du. Bere sendotasuna ziurtatzeko jauzika aritzen da. Orduan berresten du benetan lurrean dagoela. Zuri eta urdinez jazten da beti. Alkondara beti zuriak, emazteak lisatutakoak. Prakak beti urdinak. Hauek ere emazteak lisatutakoak. Altua da Telmo, eta galai ederra izandako zantzuak geratzen zaizkio. Gustatzen zaion emakume batekin gurutzatzen denean bibote zuritua laztantzen du. Bibotearekin kontsulta egin beharko balu lez. “Bai, hau ederra da”. Itsaso egunetatik geratzen omen zaion keinua. Hori esaten du emazteak bibotearekin hizketan ikusten duenean. Ez zaio zementoa gustatzen, ez lur barrua, ezta txakurrak ere. Telmok egunero egiten du itsas aldera. “Gaur itsaskirria”, esaten dio kainabera eskuetan arrantzan aurkitzen duenari. Edo “calmatxitxa, gaur”. Itsasoak eragindako bilin-balan barik zelan bizi den ez daki. Bizi da, baina. Eta oso ondo. Gaur ez du musean egingo. Azken hamar urteotan bikote izan duen Patxi hil da. Eta gaur hileta elizkizuna tokatzen da. Emazteak esan dio mus-a uzteko aukera ederra izan litekeela. Telmok, ordea, ezer maite badu musean jardutea da. Eta Athletic. Eta emaztea, jakina. Hirutasun santua berarentzat.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Telmo

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *