Erretratoak. Vudy

Vudy. Serafin du izena baina behin auzokide batek Woody Allenen antza zuela esan zion, eta harrezkero horrela esaten diote. Vudy. Berari hasieran ez zitzaion gustatzen baina Faustinoren tabernan Woody Allenen pelikula bat jarri zuten. Eta orduan konturatu zen bazuela aire bat. Pasta betaurrekoak, arroparekiko indiferentzia, ibilkera despistatua. Vodyk arratsaldeak Faustinoren tabernan ematen ditu. Eguraldi onarekin, terrazan jesartzen da. Zigarro bat, ardoa, eta jendea pasatzen ikusten gozatzen du. Tira, inork ez daki Vodyk gozatzen ote duen baina hortxe egoten da. Gaur ere bai. Sargori eguna izan da gaurkoa. Beroa usaindu ere egin liteke. Vudyri ez zaio sargoria gustatzen. Etxeko pertsianak beheratu eta bertan ematen ditu lasai eguzkiak aldegin arte. Banpirotik geratzen ei zaion ohitura da. Horixe esaten dio Faustinori. Faustinok ez dio kasu handirik egiten, batzuetan Vodyk kontu arraroak ditu eta. Baina estimatzen du. Hogeitahamar urtetik gora da ezagutzen duela. Ezagutu zuen Serafin zenean, eta bera da Serapio esaten dion bakarra. Vudyk eskertzen du. Izan ere, Vody gora Vody behera batzuetan ahaztu egiten du nor den. Eta pentsatzen du Woody Allen dela, eta alboko asiar jatetxeko langilea bere emaztea dela, eta elkarrekin seme bi eta alaba bat dituztela. Horixe pentsatzen du pertsianak beheratzen dituen egunetan. Baina orduan Faustinok Serapio esaten dio. Eta gogoratzen da, bera, Serapio dela, eta ez dela Vody.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Vudy

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *