Erretratoak. Marga

Marga. Atxis. Atxis. Atxis eta Atxis. Lautan egin du atxis. Jesus. Jesus. Jesus eta Jesus, esan dio alboan duen emakumeak. Eskerrik asko, eskerrik asko, eskerrik asko eta eskerrik asko, erantzun dio Margak. Gorrotatzen du udaberria. Alergia piztu zitzaionetik esan ohi du. Baina lehendik ere ez zuen maite. Azterketa sasoiarekin lotu du beti, eta lehenago, nebaren jaiotzarekin. Sobran dagoen urtaroa iruditzen zaio. Baina nori eska dakioke udaberriaren deuseztea? Erreferenduma deitzeko moduko arazoa al da? Berak negua apur bat luzatuko luke eta beste apur bat uda. Uda ederra begitantzen zaio, liluratzen duen argiarekin, hondartza, sekula amaitzen ez diren gauak… Eta udazkena honddoekin eta lurraren kolore-sortarekin ikaragarria egiten zaio, mendi txangoak, txamarra lodiagoak… neguari ere xarma ikusten dio, batez ere hotz eguneko zeru urdinei. Baina udaberriari, ez. Negar egiten dio sudurrak, negar begiek, gorritu egiten zaio sudur muturra, eta arnasa ere alpertu sartzen zaio. Eta gutxien gustatzen zaiona, udaberriro ikusten duen gizona. Alergologoa. Gero eta zaharragoa, gero eta aspergarriagoa, ezer berririk ez dio esaten. Alerjia, beraz, antiestaminikoak. Eta pentsatzen ari da hauxe izango dela gizon honi egingo dion azken bisita. Azken bisita? Ez, dagoeneko konturatu da gizon honek aukera guztiak xahutu dituela. Kitto. Altxatu eta doministikuarekin elkartasuna erakutsitako emakumeari agur esanaz, beti aldegin du kontsultatik.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Marga

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *