Erretratoak. Djimon

Djimon. Hamahiru urte daramatza hirian, eta dagoeneko erabat barneraturik sentitzen da. Futbol taldearen koloreak soinean daramatza, euskeraz ikasten du eta badu eskolako lagun-koadrila. Azken egunotan gorria eta zuria ez den ezer ez du jantzi. Taberna batean egiten du lan, asteburuetan. Arratsaldetan hasi eta amaitu arte jarduten du lanean. Batzuetan amaitu ere ez du egiten. Egunotan pozik dago, besteak beste, pasioa ikusten duelako kalean, eta gustatzen zaio hiritarren pasio hau. Etorri zenean biztanleen azal zuriegiak txunditu zuen, berak azal ilunagokoak imajinatzen zituelako. Bueno, behin aitortu zion tabernako jabeari, berak ez zituela imajinatzen. Existitzen zirenik/ginenik ere ez zekiela. Baina inoiz bere herrira bisitan itzultzen bada, propaganda egingo duela. Hala ere, ez du uste epe laburrean herrira bueltatuko denik. Gurasoak eta anaiak berton ditu, eta herria gero eta gutxiagotan gogoratzen du. Bero egiten zuela dauka gogoan, eta lehorra zela. Hemen ez du hainbeste berorik egiten, eta ez da lehorra. Mendiak berdeak dira, eta ibaiak ura darama. Edo urak ibaia. Egun batzuetan besteetan baino pozago dago. Gaur pozik dago. Euria ari duelako ere bai. Lagunek ez dute ulertzen bere poztasuna euriarekin; berak azaldu die baten baino gehiagotan zeruak ura botatzen duenean seinale ona dela, “maite gaituela esan nahi du”. Lagunek, baina, ez dute ulertzen.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Djimon

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *