Erretratoak. Paulo

Paulo. Bizikletan behera doa kale nagusitik. Zoriontsu egiten du haizea aurpegian apurtzeak. Bere lehenengo bizikleta da. Bere-berea den lehenengoa. Umetan anaiekin konpartitzen zuen bat, baina gazteena zenez gutxi-gutxitan erabiltzen zuen. Borroka latza izaten zuen anaiekin, eta amak bitartekaritza lana egiterakoan baino ez zioten uzten. Gero lanean hasi zen, eta bizikleta ahaztu egin zitzaion. Diru apur bat aurreztu zuenean motorra erosi zuen. Berarekin ligatu zuen emaztea izango zenarekin. Eta gero autoa etorri zen. Eta etxera sartu ziren bizikletak seme-alabenak izan ziren. Baina jubilatu ostean erabaki sendoa hartu zuen: bizikleta erosi behar dut. Hasieran etxekoek zoratu egin zela pentsatu zuten. Paulok, baina, erabakita zuen. Bizikleta erosi zuen. Beltz eta grisa. Ederra. Eta berarekin aritzen da hara eta hona. Euriarekin beldurtzen da. Akorduan dauka laban egin eta hankak, eskuak eta okondoak zauritu zituenekoa. Euriarekin, ez. Baina eguzki sasoian gaude, eta Paulo sarri pasatzen da Kale nagusitik, goiko eta beheko parkeetatik, edota alde zaharreko kale artetik. Bizitza osoa itxaron behar izan dio bizikletari. Baina merezi izan dio.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Paulo

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *