Erretratoak. Sandra

Sandra. Euskal Herrira dantzaria izateko heldu zen Sandra. Pisukide desegokia, lesio larriegia, zorte txarra… eta beste hamaika zorigaitzek kalera eraman dute. Guggenheim alboko aterpean egiten du lo. Osterantzeko orduak kalean ematen ditu. Hasieran bakarrik, baina laster kideen beharrizanaz jabetu zen. Bera inoiz ez da otso bakartia izan. Aste bete kalean nahikoa izan zen konturatzeko. Sandra beti izan da argala; orain, baina, ikutu eta apurtu litekeela dirudi. Paperekoa dela esaten dio sarri kide batek. Mutilaguna dauka, Isidro. Berarekin dagoenetik ez du arazorik izan kaleko kideekin. Gizonek, dagoeneko, bakean uzten dute. Bera Isidrorena da. Isidro gizon zintzoa dela esaten du. Ez du jotzen eta droga doan lortzen dio. Diru laguntza txikia jasotzen du, hilaren hasieran. Hartu eta Isidrori ematen dio, bera baino diru kudeatzaile hobea delako. Inoiz mesede txikiren bat egin behar izan dio Isidrori, ezagutzen duen gizonen batekin, baina gutxi-gutxitan izaten da. Isidrok beti esan dio zaindu egingo duela, eta hori euren onerako izaten dela. Sandrak ez du oso gustuko, baina “mesedearen” ondoren oso maitekor egoten da Isidro, eta horregatik bakarrik merezi du. Asteon jakin du gaixo dagoela. Ez du ustekabean harrapatu, bada denbora txarto sentitzen zela. Pilulak agindu dizkio medikuak. Hartzen hasi zen baina Isidrok kudeatuko zizkiola esan zionetik askoz gutxiago hartzen du. Eta hobeto sentitzen da. Argalago baina hobeto.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Sandra

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *