Erretratoak. Martin

Martin. Gautxoria da Martin. Oraindik ez daki, baina urteekin jabetuko da goiz itzartzearena ez dela munduko gauzarik gozoena. Aita tiraka dabilkio. “Martin, jaso itzazu gosaritakoak, berandu egingo zaigu”. Martinek, baina, ez du ulertzen zer den berandu. Gauza larria ei da, Aita aztoratu egiten duena, baina bera lasai sentitzen da. “Bizkor ba!”, errepikatu dio Aitak. Katilua harrikoan utzi du eta sukaldetik irten egin da lasai-lasai. “Tori kaskoa”. Bizikletan ibiltzera doala ulertu du. Lasterketaren bat edo izango da? Baina gaua da! Eta gaua orduko etxeratzeko tenorea izan ohi dute etxean. Ez du ezer ulertzen. Aitak bizikletatxoa hartu du esku batean, bestean Martin. Arineketan jeitsi dituzte eskailerak. Kalean, bizikletara igo da Martin. Baina Aitak ez du bizikletarik. “Aita, zuk ez duzu bizikletarik lasterketarako”. Aitak bidea oinez egingo duela esan dio. Pedaletan hasi eta berehala Aita bultzaka du. Martini ez zaio gustatzen bultza ibiltzearena, berak badaki bi gurpilen gainean bakarrik ibiltzen. Baina Aitak bultzaka jarraitzen du. Martinek planto egin du. “Aita, nik badakit”. Aitak, ordea, jolaserako momentua ez dela esan dio. Apurka apurka erritmoa hartu du Martinek Aitaren animo berbek lagunduta. Bidean goizeroko ezagunarekin egin dute topo: Aitaren laguna. Atsegina da, baina Aitak berehala eten du solasaldia eta agur esateko esan. “Animo, Martin, bagoaz”. Haserretzen hasi da, bizkorregi doaz eta berari erritmo patxadatsuagoa gustatzen zaio. Ibili eta ibili, eraikin handi batera heldu dira. Burdinezko atetik sartu eta hantxe utzi du Aitak Martin. “Jolastu apur bat eskolan, ta laster bueltan etorriko naiz zure bila”. Ta hantxe utzi du Martin, bizikleta eta kaskoarekin, bakarrik.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Martin

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *