Erretratoak. Aitziber

Aitziber. Bakarrik ari da berbetan. Irudimeneko lagunarekin. “Baina hitzordura joateko lanean baimena eskatu nuen eta atzeratu didatenez, berriz ere eskatu beharko dut baimena?”. Bagoiko guztiek begiratzen dute Aitziber. Bere bizitzaren intimitatea hain era lotsagabean erakusteak lotsa txikia ematen du ingurukoengan. Hitz eta pitz jarraitzen du Aitziberrek eta berben intentsitatea eskuekin laguntzen du. Von Karajan balitz orkestra zuzentzen ari dela esango luke edozeinek. “Ama, ordu bi egon naiz zain, ordu bi!!”. Metrora sartu berriak Aitziberren bakarrizketa entzun du eta atoan kamerarik ote den jakiteko bazter guztietara begiratu du. Gora, behera, ezker eskumara. Aitziberrek liburua hartu du eskuartean eta berbetan jarraitzen du. “Bai, badakit, bai”. Sartu berriak ondo aztertu du eta zalantza dauka: Zoratuta dago ala telefonoz ari da berbetan? Orduan belarrietatik behera dihoakion kable iluna ikusi du. “Ez, ama, nik ezin dut, ezin dut… datorren astean beharbada”. Uharte bat da Aitziber, inor ez da inguratzen ausartzen baina guztiak jarraitzen ari dira bere elkarrizketa. Suminduta dago, eta batzuetan ahotsa goratzen du. Metro batzuk urrunagoko emakume zaharrak ere entzun ditu Aitziberren aieneak. Berak ez du zalantzarik izan: gazte hauek zoratuta daude.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Aitziber

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *