Erretratoak. Amaia

Amaia. Eztabaidatzen ari da Amaia. Ustez bere bikotearekin. “Esan nizun… esan nizun ez zitzaidala gustatzen eta hala ere egin zenuen, non uzten nau ni?”.

Kaletik pasatzen direnek ez diote jaramon askorik egiten. Ustezko bikotekideak errudunaren isiltasunean ostentzea erabaki du. Amaia sututa dago eta ezin da geldirik egon. Mugimenduak haserrea haizatuko duela uste du. Ezin du ustezko bikotekidea begiratu ere egin. “Esan nizun, esan nizun… ez nizun esan?”.

Bikotekideak ahoa estutu du irribarre bat marraztu guran. Ez du lortu, baina. Amaiaren besoa ukitzeko keinua egin du, bere hurbiltasuna sentitu nahi du. Amaiak, ordea, ez du usaindu ere egin nahi. Eta distantzian urrundu ez bada ere, gero eta urrunago dago.

Esan nizun, esan nizun…. banekien eta horregatik esan nizun”. Botikako jabea irten egin da Amaiaren noraeza ikusita, baina ustezko bikotekideak informazio zehatzagoa eman liezaiokeela pentsatu du. “Ondo dago?” esan dio ustezko Amaiaren bikotekideari. “Bai, lasai, pasatuko zaio”. Maiz haize bufadatxoa baino ez da behar sugarrik beldurgarrienak pizteko. “Ez nago ondo, ez, eta ez zait pasatuko… aditu duzu?  EZ ZAIT PASATUKO”.

Eskolatik zetorren umeak itzelezko sustua hartu du, eta ikaratutako umearen amak errieta egin dio Amaiari. Amaia, ostera, ez dago kopletarako ta “Zer?” zakar eta ozen batez erantzun dio.

Ustezko bikotekide ohiak ez daki zer egin, eta gauzak apaltzeko asmoz esaldi bakarra otu zaio.

Eta esan egin dio:

Baina nik zu maite zaitut”.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *