Erretratoak. Oihenart

Oihenart. Arazo latza du Oihenartek: denboraz kanpo bizi da. Sekretuak baino ez dituela sentitzen du. Ezin duela bera izan. Maite dituen gauza gehiegi ez ditu egiten, eta gorrotatzen dituen gauza lar egiten ditu.

Esaterako, eskola-kideek ez dakite plazeragatik irakurtzen duela. Balekite, seguruen, baztertuko lukete. Izan ere, literatura irakurtzea ez da cool. Oihenart-i, baina, gustatzen zaio. Gozatzen du.

Nagusien hizketaldiekin gozatzen duen bezalatsu.  Bere eskola kideek txotxolokeriak baino ez dituzte hizpide. Ezin du esan Amarekin ikusi duen dokumentalak txunditu egin duela. Ezin du solastu Julio Cortazarren ipuinen gainean.

Sekretuak.

Lezamara joateko geratu dira lagunak, Athleticen entrenamendua ikusteko. Oihenartek, ordea, ez du bertaratzeko gogorik. Aitak erakusketa berri batera eraman nahi du, eta itzelezko ikusmina sortzen dio erakusketak. Lagunei esan beharko die Aitak erakusketara joaten behartu duela, eta hartara bakean utziko dute.

Bizitza hau latza ez balitz, to irakaslearen oharra. “Zuen seme Oihenartekin arduratuta nagoelako hitz egin nahi dut zuekin. Semea ironikoegia da, eta oraindik sasoiz gaude hau dena mozteko. Astelehen arratsaldean etortzerik bai?”. Irakaslearen oharra eman dionean gorriak eta zuriak esan ditu Amak. “Ze irakasle mota dituzu zuk?”. Haserre dago. Zorionez, irakaslearen txepelkeriekin.

Hala ere, poztasun izugarria eman dio Amak. Azaldu dionez ironikoa izaten jarrai dezake, izan ere, garatu behar du bere ironikotasuna. Baina tentuz erabili beharko du kalean ironia baloratzeko besteko intelijentziarik ez duen jende asko dagoelako.

Tartean, bere irakaslea.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Oihenart

Responder a Ana Morales Cancelar respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *