Erretratoak. Saioa

Zer da musu bat? Galdetzen du behin eta berriro Saioak. Bere buruari eta izan dituen musukideei ere galdetu izan die. Oraindik, baina, ez du erantzunik aurkitu.

Hori uste du berak.

Musuak esperimentatzen, asmatzen, berrasmatzen, irudikatzen aritzen da edozein lekutan. Azken musukidea Bernat deitzen da.

Bernatek ez daki Saioaren esperimentatze zaletasunaz ezertxo ere ez. Kale erdian horma bazterrera eraman eta musukatzen hasi denean grinarekin lotu du. Ez du denbora askorik behar izan Saioaren berotasun hasiera horrekin bat egiteko. Hasi ezpainetako ukitze samurrarekin eta jarraitu sugetzarraren inbasioarekin jarraitu dute.

Inbasioa, nolabait deitzearren, izan ere egokiagoa zatekeen anaikidetzea  deitzea. Sugetzar bi jolas joko bihurturik, eta jokoa jolas. Saioari gustatu zaio Bernaten zaporea. Eta arnas hartzeko tartea hartu ostean berriz ekin dio “anaikidetze” jardunari.

Kontuak luze jo du eta jolasak ere bai.

Saioak, ordea, barruko harraren hazka sentitu du. Ordu askoz geroago Zer da musu bat? Galdetu dio Bernati.

Bernat hasieran apur bat lekuz kanpo geratu da, baina gero irribarre txikia egin dio Saioari. Eta berbetan marapilatu orduko mazela besartetu, ezpainak Saioaren ezpainetara gerturatu… eta hitzik esan gabe musu bat zer den azaldu dio.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *