Erretratoak. Sebas

Handia da Sebas, ez Basajaun bat adinakoa, baina bai Basajaunaren ilobaren antzekoa. Esku eta oin handiak ditu eta ez da geldi egotekoa. Lur-azpian ibiltzearena ez da gehien maite duena, eta ezinegona baretzeko mugitu egiten da.

Telefonoak jo egin dion arte; jo eta bigarren segundora gelditu egin du bere mugimendua. Esku bat dauka telefonoari eusten eta bestea, berriz, aurpegia estaltzeko erabili du.

Batzuetan bizitzak telefonoz deitzen duenean munduak planto egiten du. Badirudi horrelakoa izan duela deia.

Telefonoa eten eta libre dagoen aulki batean jesarri da. Gorri dago. Estutasunak ematen duen gorritasunarekin… edo minak ematen duenarekin.

Geltoki heldu berrian alboan jesarri zaion neskari begiratu eta paperezko zapi bat eskatu dio. Neska hain gizon handiaren malkoak ikusterakoan arduratu da. “Ondo zaude?” esan dio zapia luzatzen dion bitartean. Sebasek ezin du berbarik egin. Eta eskuarekin lasaitzeko keinua egin dio.

Neskak mutil handiaren mina samurtu guran bizkarrean laztan arina egin dio. Horrek, baina, Sebasen apurtzea baino ez du ekarri. Papereko zapia hartu du hezetasunak. Sebas lasaitu denean neska begiratu eta ahots apurtuarekin esan dio: txakurra hil zaigu.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *