Mutua da Martzial. Ez betitik, izan ere garai ez oso urrunean bazuen bozik.
Beraz esan genezake Mutu-berri dela.
Duela lau hilabete minbizia duela esan zioten. Gibelekoa. Sendatzeko miraria beharko duen minbizia. Medikuaren kontsultara sartu orduko bazuen ahotsik; handik irteterakoan, baina, joan zitzaion; aurpegiko kolorearekin batera.
Harrezkero desagertzen ari da. Kokilduta dago. Heriotza dugu azken jomuga, baina horren kontzientzia da Martzial larritasunera eraman duena. Begirada non kokatu ez du jakiten, eskuetan zer heldu, eta egongelako eserleku beltza habi egitea erabaki du.
“Azken lubakia”, idatzi dio emazteari.
Inork ez daki azaltzen zer gertatu zaion Martziali, zerk mututu duen. Baina heriotzari izua dela ematen du. Emaztea arduratuta dago eta animoak ematen ahalegintzen da. Martzialek, ostera, ez dio jaramon handirik egiten. “Etsipena hautatu du”, esan zion semeari telefonoz deitu zionean.
Alaba izan da Aitari zerbait piztu diona heriotzaz zuzen mintzatzerakoan. “Bai, Aita, heriotza dakarren minbizia aurkitu dizute, eta bizitzeko itxaropena urria da… baina… eta biziko bazina?”.
Goizalde Landabaso