Erretratoak. Petra

Hola, pitxintxu!” erantzun dio telefonoari Petrak. Fruta dendako ohiko armonia apurtu du bere ahots ozen bozgoragaituak. Hasierako agurren ostean zehatzak eta mehatzak esan dizkio beste aldeko kontaktuari:

Alemaniako bikote batek izugarrizko dirutza eskaini zidan eta saldu egin dut Alacant-eko etxea. Augusto barik ez zuen zentzurik“.

Fruta dendariak begirada sugartua bidali dio, baina Petrak berearekin jarraitzen du. Bestaldean dagoena entzuten omen dago, izan ere, Petrak berba eta berba egiten du.

Diru horrekin Hendaian erosiko dut etxe bat… bai, Frantziako lehenengo herria da, eta bertako hondartza beti maite izan dugu“.

Petrak  jario agortezina du. Hitz arteko zirrikitu estuetan sartzen du oxijenoa eta fruta dendaria pentsatzen hasi da ez ote zaion garuna oxijeno barik geldituko; ez ote duen estralurtar batek Orionera esperimentatzeko eramango, edo besterik ez bada, ez ote zaion sakelekoa bateriarik gabe geldituko.

Bai, badakizu semea atzerrian dut; Oso oso lanpostu garrantzitsuan, gogoan izango duzunez astrofisika nuklear isolatuan injiniero espaziala da, bakarra Europan, eta hirugarrena munduan…“.

Fruta dendako jendeak begiratzen du Petra, lotsa barik, haserre. Petra azkenean konturatu da, jendea adi dauka eta laster frutarako txanda izango du.

Pitxintxu, utzi egin behar zaitut, fruta dendan nago eta ez naiz eroso sentitzen jende guztia elkarrizketara adi dagoela jakinda.

Deituko dizut bihar“.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *