Erretratoak. Leire

Leire. Leiho guztiak ez dira berdinak. Adreiluz egindako etxe honek 26 leiho ditu. Leirek bakarra begiratzen du. Gortina beige batzuk estaltzen dute barrua. Baina Leirek adi-adi begiratzen dio gortinak jausteko duen moduari, gelditu egoteko duen moldeari.

Leihoak zati bi ditu, zuriz margotutako egurrek egiten diote laukia leihoari. Kristal luzeak dira, alegia, norbait azalduko balitz hankak ezik beste gorputz dena agertuko luketela.

Leireren begiek klisk egiten dute hiru segunduro. Bere begietan begiratuz gero; gortina beige batzuk, gasaren tramankulua, adreiluak, eta  erlaitz zikin bat ikusten dira.

Telefono batek jo du urrunean. Leirek praketako sakelekoa ikutu du, baina ez du hartu. Bat, bi eta hirugarreneko leihoa da Leireren jomugan dagoena. Bat-batean gortinak mugitu dira, eta  esku batzuk azaldu dira. Leireren aurpegiera ez da aldatu. Begira jarraitzen du. Eskuen jabea agertu da. Uniformez jantzitako garbitzaile bat. Erratza astindu du erlaitzen kontra kolpetxuak emanaz. Leirek emakumea begiratzen du lehen leihoa begiratzen zuen bezala.

Laster aldendu da bistatik.

Baina leihoa…

…zabalik utzi du.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *