Erretratoak. Albert

Neguaren bildur da Albert. Ez du aterperik. Ez du abarorik. Ez du babesik. Gaur ere hondartzako bazter batean egin du lo. Egunez. Gauak nolabaiteko izua barreia lezakeela pentsatzen du Albertek. Arriskuetatik urrun izateko esna behar du egon. Gaua noraezean ematen du. Jendearen agertzearekin lotarazten da. Hamaika porturatzeko gizona da Albert, eta gauero toki ezberdina hautatzen du lotarako.

Hondartza du maiteen. Horregatik errepikatu du.

Kuzkurtu da bere baitara, eta bere oinetan kale txakurra gelditu da. Noizean behin mugimenduren bat egiten du Albertek, eta izenik ez duen txakurrak beste mugimendu batekin erantzuten dio. Gainontzeko tarteetan geldi-geldi daude. Ia hilda esan genezake.

Amets egingo du Albertek? Zerekin edo norekin egingo du amets? Koloretan egingo du amets?

Haizeak hondarra sakabanatu du eta hare-ale batzuk Albert-en aurpegira batu dira. Albertek keinu batez baztertu ditu ale oro.

Kale txakurrak buztana mugitu du, eta lotan jarraitu dute.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *