Erretratoak. Javi-Xabi

Ezberdinak dira Javi eta Xabi.

Xabi bizia da, suminkorra. Bere berbek gorputzaren mugimendua eskatzen dute, eta horrela laguntzen du barru sugarra, edozein momentutan hegan egingo balu legez.

Ez da, baina, txoria.

Javi, lasaiagoa da. Zerikusia izan lezake bihotza doan leku gainean gelditu zaion orbain izugarriak; 66ko errepidea bezain luzea, bezain sakona. Javik ez du amorrurik erakutsi nahi; tira, beharbada ez du ernegaziorik. Xabik, berriz, ez du erakusteko arazorik; tira, agian ernegazioak bizi du.

Bien arteko aldea: 30 urte eta kirofano egonaldi bi.

Kaletik doaz jendearen arreta bereganatuz eztabaida amaitu ezinean. Xabik Javiri garrasika egiten dio berba. Javirekin haserre? Munduarekin haserre? Batek daki. Kontua da garrasika doala.

Klinika aurretik pasatzerakoan zigarroa erretzen ari zen kardiologo batek barre egin du Xabiren garrasiak entzuterakoan.

Bezero bat”, pentsatu du.

 

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *