Erretratoak. Jacinto

Jacinto. Noraezean dago gaur. Makila luze bezain argala du lagun bakar. Galduta dago. Azken urteotan bere gidari, lagun eta begi izan den txakurra hil egin da. Ez du beste txakurrik nahi Jacintok. Ez du beste galeraren minik nahi. Suntsigarriegia egiten zaio. Eta bai, animalia da, baina “Laika” txakurra baino gehiago izan da. Bere minaren eta ezintasunen lekuko isil eta leiala. Bere laguna.

Ez du Laika ordezkatuko duen beste inor nahi.

Laika aurrekoak dira makilarekin egin zituen ibilerak. Nola edo ahala moldatzen zen, baina Laikaz  geroztik bizitza errezagoa zen. Bazekien semaforo berdea ikusten, espaloiak eta errepideak bereizten, bazekien hormak saihestu behar direla.

Bazekien.

Orain ezkerreko eskuaren hustasuna zaurgarri egiten zaio. Zerbait eraman behar du hustasun horrek min gehiago eman ez diezaion, baina bestetik, min hori zelanbaiteko errespetua da. Laikarenganako errespetua.

Horregatik gaur goizean sekula baino itsuago sentitzen da, sekula baino galduago: dolua erakusten ari delako.

Eta enegarren estropezuren ostean pentsatzen gelditu da Jacinto:

Beste txakur bat behar dut.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *