Erretratoak. Jakes

Jakes mutiko zintzoa da. Etxeko mahaia jasotzen du, helduak musukatzen ditu eta arreba txikia olgatze-lekura eramaten du. Jakesek ez du agintzen diotenetik kanpo ezer egiten. Mendira joan ohi dira igandeetan eta berak izugarri maite du, nahiz eta nahiago duen hondartza ertzean hondarrezko gazteluak eraiki eta itsasoak zelan eramaten dituen ikusi. Nahiago du.

Debeku batzuk ezarriak ditu: Ez inori aterik zabaldu. Telebista soilik ordu erdi. Litxarreriak domekatan eta gutxi. Futbolik ez. Kirola bai.

Ez da debeku zerrenda luzea baina bai zorrotza. Gurasoak ahalik eta orekatuen hezten saiatzen dira. Ez da erreza, baina, estropezuz beteriko bidea baita.

Eskolara gustura joaten da nahiz eta batzuetan aspertu egiten den. Ez zaizkio maitematikak gustatzen, baina izugarri gozatzen du marrazten dutenean edo eskulanak egiten dituztenean. Eta naturarekin. Jakes mutiko zintzoa da. Ez da arazoetan sartu. Gaur, baina, jolas-orduan gelako Laubegi ez duela maite esan du. Eta ikaskide guztiek barre egin dutenean “Laubegi” iraintzen jarraitu du. Eta ikaskideek barre gehiago egiten zuten. Eta irainak garrasiarekin nahastu egin dira. Horiek ziren horiek algarak.

Eta orduan ukabilkada indartsua eman dio Laubegiri.

Eta “Laubegi” sudurretik odola zeriola ikusi dutenean bibaka eta txaloka hasi dira Jakesen ikaskideak.

Goizalde Landabaso

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *