Erretratuak. Jurgi

Jurgi. Hotza sartu da. Zubipea ospel dago. LAGUNTZARIK EMAN BADIEZADAKEZU, ESKERRIK ASKO, esaten du karteltxo batek. Kartelaren atzean, tapaki zuri bat. Eta tapaki azpian, jesarrita, gorputza ahalik eta gehien batzen duen gizona.

Belaunak paparraren parean ditu eta besoen muga estuetan sartuta dago. Sudurretaraino estali da. Harri hotzari pega-pega eginda inora begira dago. Egunaren soinua entzuten da, eta txakurren baten zaunka.

Patinatzen ari den neskatila bat aurrean gelditu zaio. Begira. Bizkar zorroan eskua sartu eta zerbaiten bila hasi da. Eskuak zerbait ikutu du eta neskatilaren aurpegia piztu da. Karteratxua da. Karteratxua zabaldu du dirua ote duen ziurtatzeko. Jurgirengana bideratu ditu begiak. Beragana hurbildu da. Jurgi gehiago kokildu da. Patinetako neskatila hurbildu zaio lasai. Irribarre egin dio.

Estibalitz naiz, eta zu?”.

Jurgik zalantza izan du. Mutu dago zalantzak argitu bitartean, baina neskatila ez da mugitu. “Jurgi”, esan dio gizonak azkenean. Estibalitzek irribarre keinua egin dio eta karteratxua luzatu dio.

Egon”, esan dio ostean neskatilak. Zorroan bilatzen hasi da eta aurkitu duenean atera du.

Platanoak gustatzen zaizkizu?

Jurgik baietz egin dio buruarekin. Eta neskak platanoa eman dio.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *