Erretratoak. Lander

Lander. Euria ari du. Umel dago giroa. Bakardadeak bazter guztiak hartu ditu baina Landerrekin egin du topo. Zabuan jesarrita dago bakardadearen hedatzea oztopatzen. Nahi barik.

Txanoa burua, zorroa oinetan, liburua irakurtzen ari da. Ezkutuan. Bakardadean. Inork aurkituko ez duen lekuan.

Ortozik nago, zurtz, goroldioa orkatiletan gora,

Kontzeptuen arkitektura zedarritu nahian,

Oin-zolak zauri, hegal eta kaiola den baratzean”.

Poesia liburua da. Liluratuta dago. Arrebak utzitako liburua da. Hasieran mesfidati hartu zuen, baina zenbat eta gehiago irakurri orduan eta beharrizan handiagoa sortu dio.

Pasealekuko bazter horretara txakur bat hurbildu da, eta distantzia txiki batera txakurraren jabea dago. Lander irakurtzen ikusi eta jakin minak piztuta hurbildu da.

Baina noizbait, ustez,

Pasatuko da hau guzti hau.

Badakit lurpean zaudena”.

Txakurraren jabeak berehala ikusi du azala. Idazlearen izena. Eta izenburua. Landerrek poemetan barneraturik du bere burua.

Ondo dago liburu hori, esan dio txakurraren jabeak.

Landerrek burua altxatu du, irribarre txikia eskaini dio, eta beharrizan handia duenaren gisara, poemetara itzuli da.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *