Erretratoak. Kabina bat

Kabina bat.

Zubiaren muturrean kokatuta dago duela hamabost urte, gero eta bakarrago eta gero eta herdoilduago. Iluntze batzuetan inguruan bizi den gizonezkoren bat hurbiltzen zaio. Eta etxera deitzen du.

Herriminaren hizkuntzan berba egiten dute. Kabinak ez du hizkuntzarik ulertzen, baina badaki noiz hitz egiten den hitz erraietatik, noiz eztarritik, noiz oinetatik…

Iluntzeetan erraietatik izaten da.

Goizetan, batzuetan, sakelekoaren beharrik ez duela esaten duen postaria hurbiltzen da. Mezu laburrak izaten dira bereak. Ia-ia telegrafikoak. Oinetatik hitz egiten du.

Inoiz neraberen bat agertu izan da. Eskuetatik berbetan. Hauek, baina, salbuespen izaten dira.

Normalean bakardadean ematen du denbora kabinak.

Denbora. Kabina batek zer ote den ez dakien bizitza eta heriotzaren arteko hori.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *