Erretratoak. Andre

Itsasoan bizi da, Andre. Bueno, itsaso gaineko bapore batean. Itsaso gaineko bapore turistiko batean. Itsaso zakar eta lakatzak zeharkatu dituen itxura du Andrek. Ezkerreko belarritakoak pirata zaharraren itxura ematen dio. Marradun elastikoa eta arrantzale prakak. Turista guztiak liluratzen dituen piura darama.

Bera, baina, ez da pirata zaharra. Berez, arotza zen Andre. Aitatxik Aitari irakatsi zion zura lantzeko modua urte askoz geroago berak ikasi zuen, aitarengandik. Arotz kontuak, baina, utzi behar izan zituen. Zerrautsari alergia piztu zitzaion. Nori eta berari. Bizitza osoa egur eta zerra soinu artean eman zuen Andreri.

Osagileak argi esan zion: Alergia eta arnasketa arazoek zerrautsarekin zuten zerikusia.

Andreren koinatuak bazuen bapore sorta. Turismoak gora egin zuenean, baporeak uharte batetik bestera, eta uhartetik penintsulara pasatzeko  atondu zituen. Hasieran zaila zen. Baina urteekin eta turismoaren ugaltzearekin negozio bikaina bilakatu zen.

Andre-k piratarena egiten du. Aspaldiko sasoietan itsaso oldartsuetan ibilitako marinelarena. Turistek maite dute bere itxura. Batzuetan berak ere maite ditu turistak. Eta bizitza uhartetik penintsulara, penintsulatik uhartera mugarrituta ikusteak lasaitzen du Andre.

Mundua, batzuetan, handiegia baita.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *