Erretratoak. Mariam

Begiaren ingurua morea du Mariamek. Hilbehera hartu duen more-lila-horixka da begi ingurua. Mariamen begiek, normalean, enbata egunetako urdina dute, eta konbinazio ikusgarria egiten dute beltzuneak eta begiek.

Denek begiratzen dute Mariamen begi ubeldua. Denek, berarekin hitz eta pitz ari den lagunak izan ezik. Ohikoa ez den hizkuntza batean ari dira hizketan. Lagunak auskalo zer kontatuko dion mar-mar etengabean. Mariamek inguratzen dituztenen begiradak behatzen ditu, eta tarteka lagunarena.

Ez da konturatu? ez dio begia ikusi? Mariam harrituta dago. Lagunak berbetan jarraitzen du. Laneko gorabeheraren baten berri ematen arituko zaio, agian, senarrarekin izandako azken kalapita. Edozer gauza. Izan ere, hutsuneei tarterik ere ez die uzten lagunak.

Arduratzen hasi da Mariam. Ondo egongo da laguna? Kontatu ez dion zerbait dago? Adiskidea solasean ari den bitartean hamaika galdera datozkio burura.

Erantzunik, baina, bat ere ez.

Isildu egin den arte. Eta tarte labur hori aprobetxatu du Mariamek galdera egiteko.

Ondo zaude?

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *