Erretratoak. Azaro

Jausi egin da Azaro; berriro ere. Hamaika hilabete eskas ditu eta badaki dagoeneko bizitza jausi eta altxatzea dela. Eta goratu eta gero, beti egongo dela estropezuren bat erori arazi egingo duena.  Azaroa, maiz, hasarretu egiten da; oztopoekin, mahaiekin, oreka faltarekin… bere hankekin. Beti, baina, egiten du gora.

Erronka antzeko zerbait da zutuntzearena. Amak lagundu nahi izan dio, baina bera tematia da, ez du inoren laguntzarik nahi. Gai sentitzen da bera bakarrik igotzeko. Azken erorketa, baina, latza izan da, eta beso batean min hartu du.

Negarretan hasi da.

Amak  besarkatu egin du. Laztan artean azaldu dio mina joan egingo dela, lasai egoteko, eta musukatze prozesuan sartu da bete-betean. Azaro lasaitu da. Berriz ekin dio goratzeari. Pausu batzuk eman, ibiltzen hasi, eta arineketan egin nahi izan duenean jausi egin da.

Ama begira geratu zaio, eta berak amari begiratu dio. Halako batean, batek daki zerk eraginda, Azaro barrez hasi da. Algaraka, barrez. Ama ere barrez hasi da.

Irribarreek erakarrita sukaldetik azaldu da Aita. “Zer gertatzen da?” galdetu du.

Azarok bizitza broma bat dela ulertu du.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *