Urrundu egin zara ezkutuko bidetik
maiteen duzun ahanzturaren putzurantz
ur bizietatik ihesi,
baina ezin duzu errekaren indarra gelditu
bere uharriez kolpatu zaitu.
Betiko iraungo duzu,
itsasoa elikatzen duen min bustiak bezala,
garratz, guztiz egiazko,
izate benetako,
gailurrari emanak diren arimen gisan,
hausterre bihurtutako mendeak arbuiatuz.
Urrats bakoitzean itzulminaren zama daramazu,
behin eta berriz birsortzen zaizun aberriaren beruna,
espiritu ahaztezinen desoseguzko oroipena,
ibili nahi ez duen
bihotz desorduz mindua.
Poema honek Bide Erratua izena du eta Karlos Santistebanek idatzi zuen Alberdaniak kaleratutako Oroimenaren larratzak liburuan. 1960an Karrantzako haranean jaiotako idazlea da Karlos Santisteban. 1983an Hitzak poema liburuarekin ekin zion literatur bideari. Harrezkero 50 bat liburu kaleratu ditu, genero gehienetan, baina batez ere, haur eta gazte literaturan jardun du. Poesian baditu zenbait lan kaleratuak. Eta sariak ere irabaziak ditu: Bilbo Hiria poesÃa saria, Irun Hiria poesÃa saria edota Ernestina de Champourcin saria. Esku artean dugun liburu honekin Blas de Otero saria irabazi zuen.
Goizalde Landabaso