321.000 emakume erditu dira munduan gaur,
baina nire gorputzetik gorputz bat atera da.
Munduaren erdiak eman du bularra,
baina titipunta hauei darie esnea;
aho umel batek zurrupatzen ditu
eta izaera publikoa hartu dute.
Ene amak umetokian izan ninduen, eta ene amaren amak
ene ama izan zuen;
eta ene amaren amaren amak ene amaren ama;
baina gaur ni naiz
haragi azpian hutsune honekin
odol jariotan naizena.
Idazleak, politikariak, etxekoandreak,
eskaleak, eta presoak izan dira ama.
Eta idazten jarraitu dute,
tomatea prestatzen edo egunak kontatzen, irteteko.
Baina gaur eta hemen ni naiz
gertaera honekin zenbateraino besterendu
erabaki behar duena.
 Hauxe da Ione Gorostarzuk idatzitako poema, Elkar argitaletxearekin kaleratu berri den Ez da erditzea izena duen liburuan agertutakoa. 1984an jaio zen Ione Gorostarzu Gipuzkoako Berastegi herrian, eta egun Leitzan bizi da. Historian lizentziatua da, eta lanbidez irakaslea. Ez da hau bere lehenengo liburua, izan ere, 2012an argitaletxe berarekin kaleratu zuen beste poema liburu bat: Des-egiten.
Goizalde Landabaso