El poema. Gari Berasaluze, vasco

Gernika esaten badut

lanbroa ageri da

 sagarrondorik gabe

garatutako historia liburuetan.

 

Gernika abesten badut

Maite ditudan bazterrak

Betetzen dituzte hildakoen izenek

Oraindik galdu gabe dagoen toponimian.

 

Gernika ikusten badut

Lapurtutako koadro bat dago

Munduari begira

Hemengoa ez den museo batean.

 

Gernika oroitzen badut

Zure ezpainak dira

Itzaltzen ez den suak hartuta.

 

Gernika idazten badut

Dornier, junker edo heinkel

Bezalako hitzekin

Harriz betetako basamortua

Zabaltzen da azoka egunetan.

 

Gernika esaten badut

Gernika abesten badut

Gernika ikusten badut

Gernika oroitzen badut

Gernika idazten badut

 

Errautsetatik koloreak bildu dituen

Herri bat erakusten ari naiz

Munduko gernika guztiekin batera

(Sarajevo, Bagdad, Gaza, Donbass, Kobane…)

Koadroa noiz amaituko den galdezka.

Hauxe da Gari Berasaluzeren poema. Gernika esaten badut izenekoa, bere azken lanean, Enarak itzuli dira poema liburuan irakur dezakeguna. Musika ere baduen egitasmoa da hau, izan ere, Eraso taldeko Serge-kin batera kaleratutako lana da. Hark, izenburu berarekin bere lehenengo diskoa kaleratu du, eta Gari Berasaluzek poema liburua egin du. Diskoan agertutako abesti guztien letra Berasaluzek egin ditu. Lubaki Banda talde mitikoan ibili zen Gari Berasaluze; 1999an Azaro urruneko intifadak kaleratu zuen eta esku artean dugun hauxe da berriena.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *