Aurreak erakusten du atzea nola kontatu;
piktografo amnesikoek hieroglifoak nola leitu.
Ez-esanaren aldaera guztien poliglotak
pizten dira seriean
berborragiaren ez-eskoletatik:
putza ere ez diren hitzak puzten trebeak
bizigai genituenak urardotzen iaioak.
Erretorika dirudi,
erratorika da,
etorria dirudi,
arpilaketa da.
Kontuz hitzekin.
Hitzekoekin ere kontuz.
Hitzek haizea eramaten dute.
Hauxe da Maialen Berasategi Catalan-ek idatzitako poema. Bere izena: Berbokratak. Balea Zuria argitaletxeak kaleratutako azken lanean ageri da, Eskuan beti zerbait izenekoan. Lan honekin irabazi du Maialen Berasategi Catalanek Donostia Kultura 4. Poesia Saria. 1989an jaio zen Gasteizen idazlea. Itzulpengintza eta interpretazioa ikasitakoa da, eta aurretiaz baditu zenbait itzulpen lanak kaleratuak, esaterako, Adrienne Rich-en poemak Poesia Kaierak bildumara; baina hauxe da bere lehen sormen liburua.
Goizalde Landabaso