Baikorren itxaropena

Azkenaldian ikusitakoaren arabera Tourra umeen mahai joko baten parekoa izan bide da Chris Froomentzat. Omango itzulia, Nazioarteko Kriteriuma, Romandiako itzulia edo berriki irabazi duen Dauphineko Kriteriumaren zailtasun berbera izan lezake. Hau da, ezer gutxi. Bere nagusitasuna beste txapeldun handien parekoa da, oraintsu arte Alberto Contadorrek, eta aurrez Armstrongek, Indurainek, edota Hinaultek eta Merckxek izan zutenaren antzekoa. Garaipenak bere baitan daude. Bete betean badabil, ez dago zer eginik, hankapean ibiltzen ditu denak.

Dauphinen, adibidez, bere itzal luzera urreratu ere ez dira egin bere kontrarioak. Alberto Contador ez da lehengoa. Arrazoiak jakitea zail da, ez baita bakarra, eta batzuk ahapeka eta beste batzuk ozen aipatzen duten “solomilloaren” txiste errazarekin ere ez goaz inora. Beste mila gauza daude kirolari baten errendimenduaren atzean, eta txikienak ere garrantzia handia du elitearen erpin horretan. Berak ondorio baikorrak, positiboak atera ditu. “Sentsazio oso onak izan ditut”, adierazi zuen. Litekeena da bere jarraitzaile andanari ilusioa ez zapuztu nahi izana, baina bere hausnarketaren benetako ondorio nagusia hori bada, oker dabilela uste dut. Niretzat bere errendimendua ez da ona izan, ez behintzat iraganekoa, eta denboraldi honetan maiz ari zaio gertatzen, erlojupekotan batik bat, lehen onenen pare ibiltzeko gaitasuna zuen espezialitatean hain justu ere. Igoeretan ez zaio hainbeste nabarmentzen, hain baita handia duen berezkoa.

“Sentsazio oso onak izan ditut” esaldia baino kontrakoa hobea litzatekeela uste dut, alegia ez duela izan garai bateko pedal kolpe bizia, edo txorien freskotasuna. Bakarren batek kritika zitaltzat har dezake azken hau, baina sakonean laudorio bat da. Kirolari batek sentsazio onak dituenean, normalean sasoiko dagoen seinale izaten da, sufrimentuan gozatu egiten duelako, gorputzak eskatutakoa ematen diolako. Baina sentsazio onak izan eta irabazten ez badu, irabazteko gaitasun eza adierazten du horrek. Hori da gehienen arazoa. Onena emanda ere garaipena lortzeko lain ez direla. Aitzitik, sentsazioak onak izan gabe ere aurrean dabilenarekin argi, sasoi betean egon ez arren, gailentzeko gai izan daiteke-eta. Contadorren kirol maila ez dut zalantzan jarriko, hor dago egindakoa, baina behera egin du eta emaitzek hala erakusten dute. Beraz, sentsazio onak izan eta 32 kilometroko erlojupeko batean Froome-kiko ia 3 minutuko atzerapena izan eta mendateetan hautsi ezin hori ez da seinale ona.

Edonola den ere, Froomek bera jo du aurkaririk arriskutsuenetzat. Besteek ez dute kezkatzen, agidanean. Ez behintzat Bradley Wigginsek, mina duelako edo Dave Brailsford Sky taldeko manager nagusiak hala erabaki duelako ez baita Tourrean izango. Andy Schlecken berririk ez da inon eta Cadel Evans kamusten hasita dago. Ez da harritzekoa, 36 urte ditu eta dozenaka itzuli handi gainean. Valverde eta Joaquin Rodriguez etapak irabazteko eta podiumerako dira txirrindulari politak, eta asko da, baina ez garaipenerako. Ezta oraindik gazteak ere, Van Garderen eta Dan Martin. Inor ez da Froome baino gehiago mendateetan, eta jipoitu egiten ditu erlojupean.

Kontra egin nahi didanak bi argumentu iturri ditu; estatistikak eta kontrolatu ezin diren ezaugarriak. Datuek argi eta garbi erakusten dute oso zaila dela Dauphine eta Tourra urte berean uztartzea: 65 urteko historian 11 aldiz baino ez da gertatu. Baina datu horrek irakurketa behar du. Ez dauka zerikusirik ehuneko ehunean eta lepoa bihurritu beharrean ibiltzea edo Froomek irabazi duen bezala irabazteak, bi izerdi tantarekin alegia. Brajkovic, Valverde, Moreau, Leipheimer, Landaluze, Mayo, Hamilton edota Vinokourov gailendu zirenean zuten guztia emanda nagusitu ziren eta gero Tourrean behera egin zuten. Inork ez du bete betean hilabetetik gora irauten. Bi lasterketak irabazi zituztenek, aldiz, ez zuten dena ematearen premiarik izan Alpeetako lasterketan, arestian aipaturikoak baino maila handiagokoak ziren eta bete betean egon gabe erdietsi zuten garaipena: Wiggins, Armstrong, Indurain, Hinault, Ocaña eta Merckx izan ziren besteak beste. Hauxe da zientzia eskuan atera daitekeen ondorio bakarra.

Beraz, Froomen ibili erraza (dotorea esatea ezinezkoa da) ikusita ez zait iruditzen Dauphine irabazteak inolako kalterik eragingo dionik Tourrerako, inork ez baitu bere erritmotik atera, berak erabaki du zenbat jo edo sufritu, entremantuetan egiten duen tankeran, alegia.
Beste argumentuak muin gehiago dauka, ezin da-eta kontrolatu. Sky taldeak dena aztertu eta kontrolatzen du, dena, eta hori da egin duten ekarpenik handienetaraikoa, ñabardura orori sekulako garrantzia ematen diote. Patuaren baitan ez dute ezer utzi nahi, eta hala egin behar dute norberak duenaren ehuneko ehuna eman nahi dutenek. Ziur naiz lidertzak ekarri ohi dituen erantzukizun eta presiorako ere behar bezala prestatuko zutela, kazetariak, kritikak, beldurrak eta hori guztirako. Baina inork ezin ditu erorikoak edota matxurak kontrolatu, ezta eguraldia ere eta gogoan izan hotzak eta euriak lidertza galdu arazi ziola Froome-i Tirreno-Adriatikon. Tourrean ez du halako eguraldi petralik izan bide, baina beharbada horixe da baikorrei gelditzen zaien itxaropen bakarra.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *