Archivo de la etiqueta: Xabier Usabiaga

Xabier Usabiaga: ‘Lotsa’

Batzuetan, egiten ditudan adierazpenen lotsa sentitzen dut, ez pronostikoak asmatzen ez ditudalako, horretara ohituta nago eta lagunei adarra jotzeko bidea jartzeak ere poza ematen dit, ez pentsa ezetz! Batez ere lotsa sentitzen dut txirrindulariren bat goraipatu eta ondoren positibo ematen duenean. Edo, ziklismoa izaten ari den aldaketa datu objetiboekin azaldu, ukatu ezin diren datuekin, eta hala ere, aldian behin, ustelkeria azaleratzen denean. Lotsatu eta tristetu egiten naiz.
Honenbestez gaur egun tristea da, niretzat, ziklismoarentzat eta hura maite duten guztientzat. Danilo Di Lucak positibo eman du EPO-arekin, Giroa hasi baino lehen lasterketaz kanpo, ustekabean, egindako kontrol batean. Sinetsi ezinik nago. Pentsatzen dut oraindik izango dela zikin jokatzen duenik, jokabide okerrak beti izango dira gizona gizon den bitartean, baina ez nuen halakorik asko uste Di Lucarengandik, ez berarengandik eta ez behin dopina harrapatu zaion beste inorengandik ere. Lotsa apur bat duenak bizitzaren estoldak ezagutzen ditu positibo eman ostean. Jendearen begietarako iruzurgilea izango da betirako, prentsak egurra emango dio, batzuek bizkarra, berriro zutitzea oso da gogorra. Horregatik uste dut zentzu pixka pixka bat duenak positibo eman eta itzultzea erabakitzen badu, esfortzuaren bitartez berriro burua altxatzeko hartzen duela erabakia, bere irudia garbitzeko, ez berriro zulo berean erortzeko. Bistan da, erratuta nagoela, Di Lucak orain eta aurretik Ricardo Riccok edota Patrick Sinkewitzek (besteak beste) ez baitzuten nahikoa eskarmentu izan lehen positiboarekin. Onartezina da. Lehen positiboa barkatzekoa da, bigarrena ez, bizi osorako zigorra merezi du.

Hamaika makilkada jaso dut azkenaldian ziklisten jarduna defendatzeagatik. Ez dut inoiz, inoiz ez gainera, frogarik gabeko salaketarik egin, ezta norbait okerreko bidetik ibil zitekeenaren iradokizunik txikiena ere egin. Uste dut gai serioegia dela arinkeritan ibiltzeko, errazkerian erortzeko. Edozer gauza esatea ez da libre. Beti esan izan dut errudunen batek ihes egitea hobea dela, errugaberen bat bidegabe zigortzea baino. Txirrindularien lana goratzen ez dut kontrariorik, gehiegizkoa naiz beharbada, onartzen dut. Oso ondo dakit zeinen zaila den profesionaletan nabarmentzea, bizitza eman nuen hartarako eta ez nuen lortu, horregatik estima handitan ditut profesional guzti guztiak. Eta onartzen dut garai batean epel jokatu izana dopin kasuetan, damua erakutsi izan dut barkatu nahi didanarentzat. Hori bai, orain ez dut kupidarik izango positibo emandakoak zigortzeko. Ez da zaila izango seguraski baina engainatu egin naute, urrutikoek eta etxekoek, ezagunek eta lagunek. Eta orain ez dut barkatuko, baina ez nigatik, ziklismoagatik baizik. Ziklismoa ziklistena da, eurek egiten dute handi eta ikusgarri, maitagarri, baina, aldi berean, izorratu ere eurek izorratzen dute. Di Lucarena bezalako kasuek kolpatzen dute ziklismoa, ziklismoa eta tropela, garbi jokatzen ari diren ziklista guztiak kaltetzen ditu horrelako kasu batek, sinesgarritasuna galerazten du. Horregatik guztiagatik, bere buruari baino gehiago beste guztiei egin dien kalteagatik Di Lucak ez du lekurik tropelean. Ez berak eta ez berak bezala jokatu edo jokatzeko prest daudenek ere.
Horrelako albisteekin ez da erraza ziklismoak bizi duen onerako aldaketa etengabean sinistea, kontrako ustea dutenek gainera indarra hartzen dute, baina datu objetiboen bermea dudan bitartean aldaketa egiazkoa dela sinetsi eta defendatuko dut. Aldaketaren daturik zehatzenetakoa VAM deiturikoa da, igoerako bataz besteko abiadura. Azken urteotan nabarmen jaitsi da, batez ere pasaporte biologikoa ezarri zenetik (2008an onartu, 2009an indarrean). Hona froga. Contadorrek 1864ko VAM ezarri zuen Verbierren 2009an; Simonik 1850ekoa Zoncolanen 2007an; Riisek 1844koa Hautacamen 1996an; Pantanik 1820 Alpe D’Huezen 1995an. Nibalik atzoko kronoigoeran 1673koa ezarri zuen, hau da tropel ia osoak 2007ko Tourrean Marie Blanque igotzen ezarri zuena baino ere txikiagoa (1.768). Froga argiagorik?

Potentzia erlatiboari dagokionez ere (lantzen den watio kopurua, pisuarekin alderatuta) datuak ahuldu egin dira nabarmen. Michele Ferrari mediku aski famatu eta polemikoak zioen Tourra irabazi ahal izateko gutxienez 6.7 W/kg-ko landu behar zirela. Egun ez da beharrezkoa, gutxiagorekin irabazi dute azken urteetako garaileek. 2010eko Tourrean lehen postuak lehiatzen ibili ziren hainbat ziklisten potentzia erlatiboak aztertu zituzten Training Peaks-ek eta SRM-ek eta Pirinioetako mendateetan bataz besteko potentzia erlatiboa seitik dezente beherakoa izan zen, eta kasu askotan bost eta erdira ere ez zen heltzen 40-50 minutuko lanetan. Nibalik aurtengo Giroko kronoigoerako 16 minuturik onenetan 6.3 baino ezin izan zuen landu, baina 16 minutuan soilik. Hortik atera kontuak. Gainera fisiologo guztiek diote orain nabarmena dela denek potentzia gutxiago lantzen dutela eta hori aldaketaren seinale garbia dela.

Niretzat konklusioa garbia da, sagarrondorik onenak ere izaten du sagar ustelen bat eta artalde orok du ardi beltzen bat eta horixe gertatzen da ziklismoan ere. Hori bai, sagar ustelak lehenbailehen baztertu behar dira, berriro, otar guztia usteldu ez dadin.