Euskal Gaiei buruzko Nazioarteko Konferentzia hasiko da bihar Boisen (AEB)

70eko hamarkadan hasi ziren amesten Euskal Gaien inguruko ikasketak unibertsitatean noiz egongo Idahon, eta azkenik egia bihurtu da. Bi urte daramatzate Boise State unibertsitateak eta Idahoko euskaldunek elkarrekin lanean.

Horrela, bada, 2005etik unibertsitatean euskara eta euskal kulturarekin lotutako hainbat ikastaro eskaintzen dituzte doan. Bihartik aurrera, gainera, eskaintza zabalduko dute, Euskal Gaiei Buruzko Nazioarteko Konferentziarekin.

  

Jardunaldia hiru egunez luzatuko da (apirilaren 20, 21 eta 22). Euskal Ikasketen Partzuergoa sortu nahi duten 10 unibertsitateetako ordezkarien bilera izango da lehenengo ekitaldia. Horien guztien asmoa elkarrekin lan egitea da, horrela helburu komunak lortzea errazago izango zaielakoan.

Arratsaldean, lehenengo mintzaldia izango da, Ibon Mendibelzuaren eskutik. Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaria da Mendibelzua, eta “Euskal Herria Europako Batasunean gaur egun” gaiari buruz arituko da.

Hurrengo egunean, apirilaren 21ean, hainbat adituk Euskal Herriaren historia, kultura eta politika jorratuko dituzte. Ondoren, Alec Reid apaizak hitzaldia eskainiko du “Bakea eraikitzen Euskal Herrian” gaiaren inguruan. Reid jauna Redemptorist Peace Ministryren zuzendaria da, eta Ipar Irlandako eta Euskal Herriko gatazkak konpontzen artekari gisa ibili izan da. Eguna amaitzeko, dantzaldia izango da.

Apirilaren 22an, Jimmy Lausoro euskaldunari omenaldia egingo diote. Laussorok euskal kulturaren aldeko lan izugarria egin du bost hamarkadetan zehar bere musikarekin, eta Ipar Ameriketako euskaldunek ez dute ahaztu nahi.

Deja un comentario


A %d blogueros les gusta esto:

Confianza online