Euskal Ikasketei buruzko erakusketa dago ikusgai Nevadako Unibertsitatean (AEB)

Renoko Euskal Liburutegiak eta Euskal Ikasketen Zentroak Building Basque Studies since 1967 (1967tik Euskal Ikasketak jorratzen) izeneko erakusketa zabaldu dute Nevadako Unibertsitateko Getchell liburutegiko lehen solairuan, Berria egunkariak jaso duenez.

Duela 40 urte sortu zen Nevada Unibertsitateko Basque Studies Center edo Euskal Ikasketen Zentroa, eta urteurren hori ospatzeko antolatu dute erakusketa, hain zuzen.

Argazkiz eta testuz osatutako zazpi panel daude ikusgai erakusketan. Panel bakoitzak gai bat jorratzen du, eta honako hauek dira gaiok: Euskal Herria zer den eta euskaldunak nor diren; euskaldunen emigrazioaren motiboak; AEBetako emigrazioaren nondik norakoak; Euskal Ikasketen Zentroaren sorrera; Renoko Euskal Liburutegiaren sorrera; Renoko Euskal Liburutegiko bisitarien programa, eta Euskal Ikasketen Zentroaren egungo lanak eta asmoak.

Udan, AEBetako hainbat euskal etxetara eramango dute Building Basque Studies since 1967 erakusketa, euskal etxe horietan egin ohi diren festibalak baliatuz.

Deja un comentario


A %d blogueros les gusta esto:

Confianza online