Erretratuak. Montse

Montse. Kale nagusiko bazter bat aurkitu du arratsaldea pasatzeko. Norbaiten zain dago eta begirada zerbaitera du iltzatua; gomuta galduren bati edota estropozu egin dion pentsamenduren bati. Eskuetan haur jaio berria bailitz daramatza lau liburutzar.  Stieg Larson idazle suediarrak idatzitakoak dira hiru. Laugarrena, hiztegi bat da. Sendo eusten ditu. Noizean behin eskuma-ezkerrera begiratzen du, itxaroten duen pertsona horren zantzuren bat aurkitu nahirik. Baina jende artea baino ez du ikusten; bereizten ez dituen aurpegiak dira, bere modukoak baina zirriborro lanbrotsuan. Ez dakit bere asmoa ote zen baina albotik pasatzen zaizkion guztiek bere liburuak begiratzen dituzte eta ez bere aurpegia. Desagertzea lortu du. Lagunak heldu barik jarraitzen du; bera, baina, ez da urduritzen. Keinu txikirik ere ez du egiten. Heldu berri dela esango luke edonork, baina 25 minutu daramatza zain. Zain eta lau liburutzar besoetan kulunkan. Kaleko txokoren bat hartu duen izoztutako pertsonaia izan zitekeen, edo eskultura hiper errealista. Baina zain dagoen emakume bat da. Zain, milaka orritako istorioak magalean. Jaka beltzeko neska hurreratu zaio. “Surik bai?”. Mende erdi zain daraman emakumeak besoetan zituen lau liburutzarrak pasatu dizkio jaka beltzeko emakumeari, eta zorro barruetan hasi da suaren bila. Aurkitu duenean, burua goratu eta zigarroa piztera joan denean konturatu da aurreko emakumeak hanka egin duela bere lau liburutzarrekin.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *