Archivo de la etiqueta: erretratuak

Erretratoak. Azaro

Jausi egin da Azaro; berriro ere. Hamaika hilabete eskas ditu eta badaki dagoeneko bizitza jausi eta altxatzea dela. Eta goratu eta gero, beti egongo dela estropezuren bat erori arazi egingo duena.  Azaroa, maiz, hasarretu egiten da; oztopoekin, mahaiekin, oreka faltarekin… bere hankekin. Beti, baina, egiten du gora.

Erronka antzeko zerbait da zutuntzearena. Amak lagundu nahi izan dio, baina bera tematia da, ez du inoren laguntzarik nahi. Gai sentitzen da bera bakarrik igotzeko. Azken erorketa, baina, latza izan da, eta beso batean min hartu du.

Negarretan hasi da.

Amak  besarkatu egin du. Laztan artean azaldu dio mina joan egingo dela, lasai egoteko, eta musukatze prozesuan sartu da bete-betean. Azaro lasaitu da. Berriz ekin dio goratzeari. Pausu batzuk eman, ibiltzen hasi, eta arineketan egin nahi izan duenean jausi egin da.

Ama begira geratu zaio, eta berak amari begiratu dio. Halako batean, batek daki zerk eraginda, Azaro barrez hasi da. Algaraka, barrez. Ama ere barrez hasi da.

Irribarreek erakarrita sukaldetik azaldu da Aita. “Zer gertatzen da?†galdetu du.

Azarok bizitza broma bat dela ulertu du.

Goizalde Landabaso

Erretratoak. Jon

Inork ez du Jon maite. Ez du bere ugerdo itxurarekin zerikusia, atzazal azpiko lohiarekin; bere izateko erarekin du zerikusia.

INKI esaten diote inguru-ingurukoek. Gaztetan “Ni inkisidore bat naiz†oihuztatu zuen ezkontza despedida batean, eta harrezkero INKI esaten diote. Anaiarekin izan zuen azken solasaldia ama hil berritan izan zen. Eta ama duela dozena bat urte hil zitzaien.

Urrikalmena eragiten duen istorioa du Jonek. Hain da, baina, harroputz eta megatz, ezagutzen duen gutxi hurbiltzen zaiola.

Gaur okindegira joan da goizeroko legean. Okinak gazi bako ogia atera dio, egunero bezala. Jonek txanponak mahai gainean utzi eta berba erdirik esan gabe joan egin da.

Okindegitik irten eta sakelekoak jo dio. “Nor?†esan du berak. Anaia da. Duela dozena bat urte berarekin hitz egiten ez zuen anaia. Emaztea minbizi takarrak inbaditu duela esan dio, eta azken-azkenetan, bera ikusi egin nahi duela. Jonek ez du ulertzen. “Zergatik?†galdetu dio anaiari. Despeditu nahi duela adierazi dio.

A! Ba esaiozu agur.

Goizalde Landabaso

Erretratoak. Olga II

Gorpuzkera sendoari esker eusten dio bizitzari Olgak. Berak ere enkargatua izan nahi zuen, baina denok izatez jaiotzatik, eta berari txiro izatea egokitu zitzaion. Tira, badu jatekorik eta aterperik, baina lan eskergaren ondoren soilik.

Ikasketek ez diote bizibiderik eman. Herri honetara ailegatzerakoan 0-tik hasi behar izan zen. Eta oraindik 3-n dago, eta Irunen.

Olgak ez du sinesten ia ezertan ere ez. Ez zaizkio politikariak gustatzen, alferrontziak eta ustelak begitantzen zaizkio denak. Ez ditu maite medikuak, jainkoaren gainean daudela uste dutelako, eta ez zaizkio abadeak gustatzen, “hauek, bai, hauek jainkoa direla uste duteâ€.

Olgak mundu hobeagoa nahiko luke, baina hauxe da dagoena, eta dagoeneko etsita dago. Egunak aspaldi dira ordu-kate. Eta egongo da hauxe ez dela bidea esaten diona. Egongo da hausnarketarako espazioak zabaldu nahi dituena.

Egongo da.

Olgak, baina, ez du aurkitu.

Horregatik erosi zuen pistola,  horregatik sartu da banketxera, eta horregatik bost minutu barru tiro egingo du.

Goizalde Landabaso

Erretratoak. Agustin

Katua da Agustin; ez zaio ura gustatzen, gauetan esna egoten da, eta badaki eguzkiaren izpirik onenak non jotzen duen.

Giza gorputzaz bizitzara itzuli den katua da Agustin.

Bizitza motxila batean darama. Pentsa zenezake bizitzaren funtsak ez duela espazio gehiegirik behar, edo beharrizana txikia dela eta edozein tokitan sartzen dela, edo beste edozein zio burges.

Agustinen kasuan duen guztia da. Nahiko luke gehiago. Sofa bat lantzean behin jesartzeko eta hozkailu bete bat. Baina horiek ere ez ditu behar. Inoiz galdetu izan diote ia zer nahiko lukeen, eta horixe da esaten diena beti. Berak, baina, benetan nahiko lukeena giltza bat da. Jende guztiak dauka giltza bat. Etxekoa, kotxekoa, bizikletaren giltzarrapoarena.

Giltza bat. Nor egiten gaituen elementu txikia.

Eta askok kale-biztanlea izateari egotziko diote lapurreta, baina Agustinek ez zuen nahi ezer emakumearen zorrotik, dirurik ere ez.

Giltza bat, soilik.

Goizalde Landabaso

Erretratoak. Mariam

Begiaren ingurua morea du Mariamek. Hilbehera hartu duen more-lila-horixka da begi ingurua. Mariamen begiek, normalean, enbata egunetako urdina dute, eta konbinazio ikusgarria egiten dute beltzuneak eta begiek.

Denek begiratzen dute Mariamen begi ubeldua. Denek, berarekin hitz eta pitz ari den lagunak izan ezik. Ohikoa ez den hizkuntza batean ari dira hizketan. Lagunak auskalo zer kontatuko dion mar-mar etengabean. Mariamek inguratzen dituztenen begiradak behatzen ditu, eta tarteka lagunarena.

Ez da konturatu? ez dio begia ikusi? Mariam harrituta dago. Lagunak berbetan jarraitzen du. Laneko gorabeheraren baten berri ematen arituko zaio, agian, senarrarekin izandako azken kalapita. Edozer gauza. Izan ere, hutsuneei tarterik ere ez die uzten lagunak.

Arduratzen hasi da Mariam. Ondo egongo da laguna? Kontatu ez dion zerbait dago? Adiskidea solasean ari den bitartean hamaika galdera datozkio burura.

Erantzunik, baina, bat ere ez.

Isildu egin den arte. Eta tarte labur hori aprobetxatu du Mariamek galdera egiteko.

Ondo zaude?

Goizalde Landabaso

Erretratoak. Raul

Zuriagoa balitz elurra litzateke Raul, baina elurra izateko muga pasatu orduko gizaki bilakatu zen. Denborak ez du asko maite, eta bere joana ile gabezian igartzen ari da. Belaunetako minean. Eta garai bateko hagin perfektuetan.

Gora eta behera dabil beti maletatxoarekin. Ezagun eta bizilagunek aseguru-etxeren bateko behargina dela uste dute. Raulek inoiz ez du ezer esan, eta bere isiltasunaren gainean eraiki dute bere errealitatea.

Bakarrik bizi da. Gurasoena zen etxean. Aitak ezkontzatik kanpo izan zuen semea kontutan hartzen ez bada seme bakarra da. Auzokideek hori ere ez dakite.

Inork galdetuko balie zelakoa ote den Raul gizon arrunta dela erantzungo lukete. Diosala egiten duen horietakoa. Gutxik esango luke atsegina ez denik; kantariak esango lukeen bezala kalean arrastaka dabilen zure antzeko piztia baino ez da.

Gaur prisaz ibili da Raul, estu eta larri. Estutasun horretan ez du maletatxoa ondo zarratu. Akats handia izan da, baina Raul ez da jabetu.

Ingurukoak ere ez dira jabetu kremailera irekitik behera jausten den likits potolo hori odol tanta arruntak direla.

Ume bat odol zantzuak jarraitzen hasi den arte.

Goizalde Landabaso

Erretratoak. Laura

Behearen gainean jesartzen den bakoitzean umetan “indiotara esertzera†olgatzen zela gogoratzen da, eta ama izaten du akorduan. Edo beharbada, amaren baten figura da oroitzen duena.

Hasieran negargura ematen zioten pentsamenduak dira. Gerra honetan, baina, ezin da negarrik egin. Ahuldadea latz ordaintzen da.

Lauraren esku batek ogi zatia dauka paperaren gainean, eta beste eskua, berriz, paperetik jausten diren ogi-birrinak batzen ari da. Inurrientzako janaria bada ere… bera orain inurria baita.

Gerra honetan urdaiak estutzen dira eta jakiak urritu.

Laurak etorkizuna zuen jomuga, bere aurrean kaletik  pasatzen diren beste denek bezalaxe. Baina berak amildegi ertza hartu zuen.

Eta erori zen.

Etorkizuna desagertu da harrezkero. Oraina lausotua bizi da, eta soilik iraganak ematen dio hausporik. Burura datorkion iragana berea ote den ez dakien arren.

Dagoeneko dena zuri-beltzezko pelikula iruditzen baitzaio.

Ogi-papurrak baino ez dira benetakoak.

Goizalde Landabaso

Erretratoak. Baldo

Iluntzea da. Erreka ertzean ez dago jenderik.

Auto hutsak ustez existitu diren gizon emakumeen lekuko dira. Lekuko hutsak.

Baldok kainabera atera du. Ez du amu berezirik, baina berdin zaio. Aitak esaten zion arrainak tonto-begiak zituztela. Eta tonto-begidunek, jakina da, asko dutela ergeletik.

Kainabera gertatu, atzera bota eta besoaren bultzadatxo batekin uretara bota du. Gaur arraina afalduko du. Badaki baietz; arrainak, babalore hutsak direlako.

Minutuak aurrera doaz eta arrain mozoloek ez diote dagoen amuari tenk egiten. Baldok pazientzia t’erdi du, eta ez dago arduratuta. Afaria, berandu bada ere, ailegatuko da.

Amore ematear zegoela zerbaitek heldu dio amuari. Indartsua. Baldok tira egin du. Zera horrek ere bai. Bi izakiren arteko borrokan Baldok irabazi du.

Ateratzerakoan amutik ezin askaturik zegoen arratoi bustia zela ikusi du.

“Tira, hau labean oilaskoa balitz lezâ€, pentsatu du.

Goizalde Landabaso

Erretratoak. Andre

Itsasoan bizi da, Andre. Bueno, itsaso gaineko bapore batean. Itsaso gaineko bapore turistiko batean. Itsaso zakar eta lakatzak zeharkatu dituen itxura du Andrek. Ezkerreko belarritakoak pirata zaharraren itxura ematen dio. Marradun elastikoa eta arrantzale prakak. Turista guztiak liluratzen dituen piura darama.

Bera, baina, ez da pirata zaharra. Berez, arotza zen Andre. Aitatxik Aitari irakatsi zion zura lantzeko modua urte askoz geroago berak ikasi zuen, aitarengandik. Arotz kontuak, baina, utzi behar izan zituen. Zerrautsari alergia piztu zitzaion. Nori eta berari. Bizitza osoa egur eta zerra soinu artean eman zuen Andreri.

Osagileak argi esan zion: Alergia eta arnasketa arazoek zerrautsarekin zuten zerikusia.

Andreren koinatuak bazuen bapore sorta. Turismoak gora egin zuenean, baporeak uharte batetik bestera, eta uhartetik penintsulara pasatzeko  atondu zituen. Hasieran zaila zen. Baina urteekin eta turismoaren ugaltzearekin negozio bikaina bilakatu zen.

Andre-k piratarena egiten du. Aspaldiko sasoietan itsaso oldartsuetan ibilitako marinelarena. Turistek maite dute bere itxura. Batzuetan berak ere maite ditu turistak. Eta bizitza uhartetik penintsulara, penintsulatik uhartera mugarrituta ikusteak lasaitzen du Andre.

Mundua, batzuetan, handiegia baita.

Goizalde Landabaso

Erretratoak. Luis

Luis. “Ez dut drogarik hartzen†diotso alboan duen ezezagunari. Ezezaguna txundituta dago. Marihuana zigarroa egiten ari da eta whisky bat dauka mahai gainean. Bere berba egiteko erak ere drogatuta dagoela adierazten du, eta begiak joanak ditu.

“Eta hori!?â€, esan dio ezezagunak marihuana-zigarroa eta alkoholdun edaria seinalatuz.

Luisek ez du lotsarik edo kontzientzia kargurik. Aspaldiko urteotan drogatu barik egon dela esan dio, baina gaur lagunaren urtebetetzea dela. Ospakizun kontua da, beraz. Luisek alboan duen emakumea atsegin du, baina alboko emakumeak gero eta argiago du ez duela ikusten, eta ez dakiela zer esaten duen ere ez.

“Lehenengoz zatoz?â€, galdetu dio Luisek ezezagunari.

Ezezagunak egia esan zezakeen, sarri datorrela esan ziezaiokeen, baina Luis beste galaxia batean dago. Une honetan Martiztarra dela esan liezaioke eta Luisek irribarre egingo lioke.

“Bai – erantzun dio ezezagunak- kasualitatez aurkitu dut lekuaâ€.

Luisek berba eta berba egiten du. Marihuana-zigarroa eskaini dio, nikotina zigarroa, eta erosi berri duen kotxetzarraren giltzak erakutsi dizkio.

Ezezagunak barre egin du. Dagoen horretan, ziurrenen, ez luke emakumearen hanka eta kotxeko palanka artean zein den haragizko asmatuko.

“Bazoaz?â€, esan dio Luisek.

“Baiâ€- erantzun dio ezezagunak- “Martitzera itzuli behar dutâ€.

Eta Luisek irribarre egin dio.

Goizalde Landabaso