Erretratoak. Laura

Behearen gainean jesartzen den bakoitzean umetan “indiotara esertzera” olgatzen zela gogoratzen da, eta ama izaten du akorduan. Edo beharbada, amaren baten figura da oroitzen duena.

Hasieran negargura ematen zioten pentsamenduak dira. Gerra honetan, baina, ezin da negarrik egin. Ahuldadea latz ordaintzen da.

Lauraren esku batek ogi zatia dauka paperaren gainean, eta beste eskua, berriz, paperetik jausten diren ogi-birrinak batzen ari da. Inurrientzako janaria bada ere… bera orain inurria baita.

Gerra honetan urdaiak estutzen dira eta jakiak urritu.

Laurak etorkizuna zuen jomuga, bere aurrean kaletik  pasatzen diren beste denek bezalaxe. Baina berak amildegi ertza hartu zuen.

Eta erori zen.

Etorkizuna desagertu da harrezkero. Oraina lausotua bizi da, eta soilik iraganak ematen dio hausporik. Burura datorkion iragana berea ote den ez dakien arren.

Dagoeneko dena zuri-beltzezko pelikula iruditzen baitzaio.

Ogi-papurrak baino ez dira benetakoak.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *