Erretratuak. Elene

Elene. Metroan. Zutunik geratu da metalezko heldulekuari eutsirik. Ezkerreko esku zuriak kokapen berezia hartu du heldulekuan. Gutxi jabetu dira bere atzamarrak laugarren posizioan daudela, zubitik hurbil.  Aldika aldika aldatzen du atzamarren kokagunea. Notak aldatzen doazelako. Auskalo zein izango ote den jotzen ari den melodia: Lurrazpiko zortzigarren sinfonia… Abiaduraren oratorioa. Inork ez daki. Metroko gidariak, berria izaki, ez du kalkulua ondo egin eta metroa kolpeka gelditu da. Elenek ahaztu egin behar izan ditu nota oro. Martxari ekin dio metroak. Elenek, berriz, berak baino ezagutzen ez duen sinfoniari. Metalezko heldulekua celloaren masta bihurtu du. Atzamarra, jolas eta solas euren artean. Badoa goraaaaa…. badator beheraaaaaaa… Muturra okertu duen arte. Notaren bat jausi egin zaio. Urduritzen hasi da. Eskuak izerditurik ditu. Ume baten kuriositatearekin begiratu ditu bere eskuak Elenek. Ostean, praketako sakelean sartu ditu. Paperezko zapi batekin lehortu du metalezko heldulekua. Eta berriz hasi da melodia jotzen. Goraaaaa eta beheraaaaaa. Gizona azaldu den arte. Alboko gizonak atzamarrak berkokatu dizkio. Elenek txundituta begiratu du. Martin irakasle zaharra zen.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratuak. Elene

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *